2013-05-07

Asko maite zaitut, ama!



Ez dut gogoan lehen muxua
lehendabiziko bularra
ez dut gogoan bizirauteko
bertatik edan beharra
nahiz eta ahaztu amak lehenengo
eginiko irribarra
ziur naiz hortik datorkidala
bertsotarako indarra

Nere herriko neskatxa maite
kantatzen zidan gauetan
eta halaxe hasi ohi nintzen
egunero ametsetan
gaur gure amaren sehaska kantez
gogoratzen naiz plazetan
haren ahotsa ateratzen zait
kantuan nagoenetan

Nahiz ta gutxitan aipatu dudan
bertsotan bere izena
nahiz txapelketan bere lekua
den guztietan zailena
sarri esan dit nere fansetan
handiena bera dela
baina ez daki ni neu naizela
bera miresten duena


Haren ondoan bizi izan naiz
erregina bat bezela
ezin zitekeen hobeto bete
ama on baten papela
segundu batez pentsatuz gero
ni epailea naizela
euren buruan jarriko nuke
Euskal Herriko txapela


Etxe barruko lamia eta
inguruetako dama
bihar goizean urbildu zaitez
goxo-goxo beragana
ta esaiozue orain artean
lotsaz gordetako dana
eskerrik asko guztiagatik
asko maite zaitut, ama.


Zenbat maite zaitudan, amatxo!



Txantxangorri batek bezala, amatxo, kantatu nahiko nizuke 
goxo-goxo eskatu gabe eman dizkidazun muxuen truke. 
Betazalak irekitzerako hatzetik laztanduz mantso-mantso; 
Goizero etortzen zarenean ta barre egiten didazunean ze guapa egoten zaren, amatxo! 

Gauez ez badago izarrik ta banago itzarrik 
zurekin ez dut izaten inoiz ametsgaitzen beldurrik 
Ez da oso garestia, baina udako marrubi gorriak adina 
maite dugu, amatxo, zuri darizun usaina. 

Edonora joango nintzake oinez, hegaz, zaldiz zein bizikletaz 
behar ditudan bide guztien mapa baitago zure eskuetan, 
Haserretzen zintudanean trumoi aurpegia jartzen didazu 
baina lainoa joaten bada berriro barrezka hasten zara eta magia egiten duzu. 

Kapa gorriaren ordez daukazu amantala 
baina nik ikusten zaitut heroi bat bazina bezala. 
Muxuz bete-beterik kolkoa ta irribarre bihurtuz malkoa, 
nagusitzean izan nahi dut zu bezalakoa. 

Batzuetan ukitzen dut goitik behera irrikaz zure sabela 
ta hunkitzen naiz pentsatzean neu ere bertatik etorri naizela. 
Zu zarenez nire ilargi betea eta ni zure iratxo, s
ekretutxo bat esan nahi dizut bihotzean gorde dezazun zuk: 
Zenbat MAITE ZAITUDAN AMATXO!